XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kasino guztietako mahai nagusietan ageri dira honelako lagunak, hau da, egunero jokatzera hurbildu, dirua irabazi eta poltsikoan ezer sartzen ez dutenak.

Amuak dira, kasinoko jokalariak, hain zuzen ere, eta bezeroen ondoan esertzen dira bakarrik egon ez daitezen.

Batzuetan zortedunak dira eta bezeroek dirua jokatzen dute haien alde.

Bai eta irabazi ere!

Behin Las Vegasen neska gaztea agertu zen amuarena eginez baccarat mahaian.

Halako zortea zeukan, jokalari guztiek egiten zuten apustu bere alde.

Kasinoak diru pilo ikaragarria galdu zuen.

Orduan, kasinoko managerrak, Mefistofeles trajedun horrek, neskaren nondik-norakoak arakatu eta honako ondorioa atera zuen: neska zorteduna zen birjintasunari eusten ziolako.

Gorriak ikusi zituen managerrak neska konbentzitzen matxura konpon zezan.

Bezero dirudunen besotik eskegi zuten neska, bai eta kasinoko langile galanten ondoan ere.

Neskak ezetz.

Azkenean, hiru hilabeteko galerak izan ondoren, kasinoko managerrak kanpoan ipini zuen neska.

Baccarat mahaia bere onera itzuli zen.

Gauerdia: Circus-Circuseko aparkalekua

Aizak!

Zertan ari haiz?

Etorri zait polizia terrazaren pretilean bermatuta ikusi nauenean.

Badakizu, hemen ez dute nahi inork bere burua aparkalekuko bosgarren pisutik kalera bota dezan.

Ikaragarritako ospe txarra lekarkioke kasinoari.

Jakina, gure segurtasunari begira dago gizenkote hau.

Eta nik hiriari egin nahi nion begirada...